María José Tallon, nekazaria eta Trasdeza Natur elaborazio-tailerra – Cardigonde, Cortegada, Silleda, Pontevedra 

María José nekazaritza ekologikoan aritzen da eta gune bat dauka “baratzeko produktuak prozesatzeko, frutak nola barazkiak”, Trasdeza Natur izeneko enpresan. Txikitan bere familiak autokontsumorako baratzea bazuen ere, landa eremuarekin duen lotura etorri zen ikasketak burutu ostean eta bulegoko lanean hainbat urte egin ondoren. Nekazaritzara bideratzearen erabakia hartu zuen lan aukera baten bila zebilelako eta bere kabuz lan egiteko aukera nahi zuelako, lanik gabe geratu ostean. Prestakuntza jasotzea erabaki zuen eta nekazaritza ekologikoari buruzko hainbat ikastaro egin zituen. “Aldaketa erradikala izan zen, bulego barruan egotetik aire librean lan egitera, eguzkitan, lurrarekin harremanetan. Erabat desberdina da eta, aldi berean, oso aberasgarria”, dio.

Bere enpresan fruta deshidratatzea da bere jarduera nagusia, eguzki-energiaz eta energia berriztagarriz hornitutako lehorgailuekin egiten duen prozesu baten bidez. Berrikuntza eta jasangarritasuna dira bere proiektuaren oinarriak, eta Santiagoko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmen bat du eguzki-lehorgailuak garatzeko. “Eguzkia da gure energia iturria, eta eguzkirik ez dagoenean, energia fotovoltaikoa erabiltzen dugu. Prozesu honekin produktuak kontserbatzen ditugu gehigarririk, kontserbatzailerik edo azukrerik gabe. Fruta naturala da, besterik ez”, azaltzen du.
Fruta lehortzearen ideia bere semeetako batek fruta freskoa jan nahi ez zuelako sortu zen. María José deshidratazio-prozesuari buruz ikertzen hasi zen eta arlo horretako ikastaroa egin zuen. “Hasieran etxean aparatu elektriko txiki batekin egiten nuen. Gominola baten antzekoa zen, fruktosa kontzentratuta geratzen baitzen, eta gustatzen hasi zitzaion”, dio irribarrez. Denborarekin, baratzeko produktuetara ere zabaldu zuen, produktu natural baten luzapen gisa ikusi baitzuen, eta horrela hasi zen eskaintzen produktu %100 naturala, kontserbatzailerik eta azukre gehigarririk gabekoa.

Fruta lehortua ekoizteko egitasmoa arrakastatsua izan arren, María Josék hainbat erronka aipatzen ditu. Administrazio mailan proiektu txikiek askoz gehiago borrokatu behar dutela dio, ikusgarriak izateko eta laguntzak edo dirulaguntzak jasotzeko, egungo politikek proiektu handiagoak lehenesten baitituzte, eta horrek zaildu egiten du landa-inguruneko autoenplegu ekimenak garatzea: “Proiektu agroindustrial handiak eta azpiegitura erraldoiak dira laguntza gehien jasotzen dituztenak, eta txikiek zailtasun gehiago dituzte ikusgarritasuna lortzeko. Oso zaila da nekazaritza jarduera bati ekitea ustiategi bat heredatu ez baduzu, eta proiektu txikiak dira landa eremua mantentzen dutenak, babestu eta baloratu behar liratekeenak”, komentatzen du.

Beste erronka handi bat landa-eremuko genero-diskriminazioa izan da María Josérentzat. Onartzen duen arrean gero eta emakume gehiago daudela proiektu agroalimentarioak gidatzen, askotan emakumeek aitortuak izateko lan gehiago egin behar dutela dio. “Gizonak beti daude begi puntuan, ‘gizon onak’, eta guk emakume izateagatik gehiago borrokatu behar dugu. Nabari da. Baina emakumeek lider izateko gaitasuna dute, horrek emantzipatzeko bide bat ematen die, eta gizon batek bezala gidatu dezakete. Beti irekitzen dira ateak, nahiz gehiago bilatu behar izan emakume izateagatik”, dio.

Bere ustez, nekazaritzaren etorkizuna jasangarritasunean eta ekoizpen ekologikoan oinarritzen da. “Ingurumena zaintzea funtsezkoa da; lur jabe gisa duzun erantzukizuna ikusi behar da lurraren zaintzan; hau da, kapitala ez da lurraren gainetik egon behar, lurra da zaindu behar dena”, dio. María Josék argi dauka nekazaritza ekologikoaren eredua izan behar dela nagusi, eredu horrek eskaintzen baititu elikagai osasuntsuak, produktu kimikorik eta pestizidarik gabe. Bere ustez, produktu ekologikoak kontsumitzea aukera osasuntsu eta naturala da, fruta lehortuak bere propietate nutrizional guztiak gordetzen baititu, produktu artifizialek ezer aldatu gabe. “Fruta lehortua eta ekologikoa produktu oso osasuntsua da, mineral eta bitamina guztiak gordetzen dituena, produktu prozesatuentzako alternatiba bat. Naturala da, osasuna eskaintzen dut”, amaitzen du.

Páginas: 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24