
Iolanda Otero, Mano Comun de Tameigako (Mos, Pontevedra) Auzo-mendien Komunitateko kidea
Iolanda Mano Comun de Tameigako Auzo-mendien Komunitateko zuzendaritza-batzordeko kide da, “gure auzokideek erabiltzeko eta gozatzeko dugun baso-parkea”. Erabaki zuen batzordera batzea enpresa pribatu baten mehatxuari aurre giteko, “gure basoa bereganatu nahi du, desjabetu, merkataritza-zentro erraldoi bat eta futbol-zelaiak eraikitzeko asmoz”. Gatazka hori baino lehen, bazkide komuneroa zen, baina ez zuen parte hartzen aktiboki; basoa galtzeko aukera ikusteak eraman zuen Xunta Reitoran sartzera. Erabaki horretan espazio horrekiko zuen lotura afektiboak pisu handia izan zuen, baina baita ingurumen-proiektu batzuk martxan jartzeko gogoak ere —proiektu horiek etenda zeuden gatazkak denbora eta baliabide ekonomiko guztiak xurgatzen zituelako.
“Basogintza komunitarioak historia luzea du”, dio Iolandak, baina “historikoki oso patriarkala izan da”. Gogoratzen du gizonak zirela —familia buru gisa— erabakiak hartzen zituztenak eta kudeaketa-kargu garrantzzitusak betetzen zituztenak, haiek baitziren ofizialki komuneroak. Bitartean, emakumeek baserriko lana egiten zuten, “landa-eremua, basoa eta lurra zaintzen zituzten”, baina ez zuten erabakietan parte hartzen, ez eta batzarretan ere.
Emakumeen parte-hartzea mugatua izan da egitura sozialek familia-ardurak lehenesten dituztelako emakumeen komunitate-bizitzaren gainetik. “Batzarrak igande goizetan egiten ziren, emakumeak familiarentzako bazkaria prestatzen ari zirenean”, azaldu du, azpimarratuz sistema horrek emakumeen bazterketa nola betikotzen zuen. Azken urteetan, ordea, parte-hartze hori asko hazi da, %33-34 ingurura iritsiz, eta zuzendaritzan bi emakume daude (Idazkaria eta Diruzaina —bera). Eta dio aldaketa horrek kontzientzia-lan handia eskatu duela.
Errektore kontseiluan sartu zenetik, Iolandak borrokan jardun du emakumeen parte hartzea sustatzeko komunitateko erabaki nagusietan. “Emakume gehiago behar ditugu kontseiluetan eta batzarretan; haien parte-hartzea funtsezkoa da”, dio, parekidetasunaren garrantzia azpimarratuz.
Aurrerapenak egon arren, emakumeek egiturazko oztopoak dituzte parte-hartzean. Zaintza-lanen banaketa ez-ekitatiboak emakumeen denbora mugatzen du. Iolandaren arabera, “bilerak egin ohi dira emakume asko baztertzen dituen orduetan, eta gu geu oraindik etxeko arduren zama eramaten ari gara”. Egoera honek desparekotasuna betikotzen du, baita inklusiboak izateko asmoa duten espazioetan ere.
Emakumeen lana ikusgarri egitea ere ez da erraza, komunitateen barruko botere-harremanen ondorioz. “Emakumearen hitzak ez du gizonarenak duen balio bera”, dio Iolandak. Emakumeen iritziek, entzunak izateko, egiaztapen akademiko edo kargu batek babestuta egon behar dute. Desabantaila horrek ez dio soilik haien erabaki-ahalmenari kalte egiten, baita lidergo-funtzioetan parte hartzeko motibazioari ere.
Erronka horiek hor egon arren, Iolandak ezinbestekotzat jotzen du mugimendu sozialetan parte hartzea. Haren ustez, “mobilizazioetan, gehiengoa emakumeak dira; gehien mobilizatzen eta borroketan parte hartzen dutenak emakumeak dira”, eta horrek lotura du bai inguruko emakumeen mobilizazio-tradizioarekin, bai haiek izan direlako mendiaz eta lur-lanez arduratzen zirenak —nahiz eta erabakitzeko espazioak gizonen esku egon.
“Nekagarria da, baina komunitatea batuta ikusteak ahalegin guztiak merezi izatea eragiten du; egindako sakrifizioak konpentsatzen ditu”, hausnartzen du.
Iolandaren ustez, “aplikatzen ari diren politikak urruti daude gertuko merkataritza, merkataritza bidezkoa eta autosostengarritasuna sustatzetik. Hirietara bultzatzen gaituzte. Landa-eremua paperean baino ez da sustatzen, ez praktikan”. “Nik uste dut ingurumenarekiko errespetutsuagoak diren politikak behar direla, jendeak bere ingurune naturalean bizi ahal izateko, benetako babesarekin, dena suntsitzen duten makroproiekturik gabe”. Eta amaitzeko dio: “Gehien gustatuko litzaidakeena da emakume gehiago sartzea mendi-komunitateetan, emakume gehiago presidente izatea, emakumeen presentzia askoz ere handiagoa izatea.”