
Ana Rita Sousa, Nativa espazio agroekologikoaren kudeatzailea eta Odemirako Kooperatiba Integraleko kidea – S. Luís, Odemira
Ana Rita, Oportokoa, Ingurumen Ingeniaritzan lizentziatu zen eta gaztetatik hasi zen ingurumen-aktibismoan parte hartzen honako taldeetan: GAIA – Grupo de Ação e Intervenção Ambiental (Ingurumen Ekintza eta Esku-hartze Taldea) eta Plataforma Transgénicos Fora (Transgenikoen Aurkako Plataforma). 2009an Alentejora joan zen bizitzera, Alvalade do Sadoko Monte Mimon finkatuz, eta bertan jarraitu zuen GAIAko lana eta transgenikoen aurkako zein hazi libreen aldeko kanpainetan. Duela 12 urte baino gehiagotik ospatzen den Haziaren Jaiaren jatorrian ere egon zen.
Ana Ritak 2005ean ezagutu zuen agroekologiaren kontzeptua, Granadan (Espainia) izandako eztabaidetan parte hartu zuenean. Permakulturako prestakuntza jaso du eta Oporton baratze komunitario batean parte hartu zuen. Hala ere, Alentejora iritsi zenean erronka berriei egin behar izan zien aurre: “aitzurra ez zebilen, haziak ez ziren ernetzen… eta Alentejo, dena lautada”. Lehen urteak bere bizimodu berria finkatzeko erabili zituen: etxea, lurra, eta lurralde berrira egokitzea, aldi berean ama izatearen esperientzia biziz: “denetik ikastea izan zen, eta ezer ez”.
2016an, Ana Ritak Rede Cooperar sortzen lagundu zuen; hasieran ama gazteek osatutako sare bat izan zen, beren beharrak asetzeko konponbideak bilatzen zituena, eta gerora jakintzak partekatzeko espazio bihurtu zen: landaketa, eraikuntza, produktuen eraldaketa eta uraren kudeaketa. Sare hori funtsezko plataforma bihurtu zen agroekologia praktika gisa sendotzeko, ekintza konkretu bihurtu ziren kontzeptuak eta esperientziak uztartuz.
2017an, Rede Cooperar sareak REPASTO sortu zuen – Aitorpen Partehartzaile eta Solidarioa –, bereme sistema partehartzaile bat, agroekologia praktiken bueltan “masa kritikoa” sortu zuena. Testuinguru horretan, Monte Mimon, identifikatu zuten ur-lineetan modu erregeneratiboagoan jarduteko beharra, eta horrek ur-atxikipenerako paisaia bat ezartzera eraman zituen, horrela ahalbidetuz salmentarako barazkiak ekoitzi ahal izatea.
2019an, lankidetzan hasi ziren AMAPekin (Hurbileko Nekazaritzari Eusteko Elkarteak), kontsumitzaileak zuzenean hornituz produktu-saskiekin. Lau urtez, 20 bat familiarentzat elikagaiak ekoitzi zituzten. Hala ere, barazkien ekoizpenaren erritmo azkarrak eten bat hartzera eraman zituen, nahiz esperientzia aberasgarria izan zen. Aukera eman zien konturatzeko agroekologia prozesu luzea dela, bai ikasketa prozesu gisa nola klimara eta lurraldera egokitzeko prozesu gisa. AMAPekin lankidetzak agroekologiaren alderdi soziala ere sendotu zuen, eztabaidak sustatuz lanak eta arriskuak partekatzeko eta erabakiak kolektiboki hartzeko moduen inguruan.
Gaur egun, Ana Ritak Espaço Nativa zuzentzen du, kafetegi, jatetxe eta janari-denda bat, Odemirako Kooperatiba Integralaren parte dena. Espazio honek tokiko produktuak lehenesten ditu eta aukera ematen dio elikadura-sistemaren beste alderdi bat esploratzeko: kontsumoa. Aldi berean, aukera ematen dio trantsizio agroekologikoan parte hartzen jarraitzeko. Berak dinamizatutako AMAPak beste sustatzaile batekin jarraitu izanak ere frogatu du sistema erresilientea dela.
Ama izatearen esperientzian murgildu zenean hasi zen Ana Rita sakonki hausnartzen emakumearen rolaren eta zaintzaren esanahiaren inguruan. Amatasunak erritmo motelagoa ekarri zion, intimoagoa, bere gorputzarekin konektatua. Aktibismoaren munduan ohituta zegoen, non emakumeek eta gizonek lanak partekatzen dituzten, baina zail egin zitzaion bateratzea “gizonek egiten zutena egiten jarraitzeko” nahia eta edoskitzea. Norbere burua ezagutzeko prozesu zorrotza baina eraldatzailea izan zen.
Hausnarketa horretatik sortu zuen beste ama batzuekin batera Haziaren Jaialdia, aktibismoarekin jarraitzeko modua haur txikiak zaintzen zituzten bitartean. Ana Ritarentzat, zaintzaren ekintza estu lotuta dago agroekologiarekin: bizitzaren zerbitzura egotea, kolektiboki konponbideak sortzea eta behar komunak asetzeko plangintza egitea. Parte hartzen duen sareetan, nagusiki emakumeek zuzendutakoak, nabarmentzen dira ondasun komuna bezalako baloreak, aldiz, gizonak nagusi diren nekazaritza-elkarte handietan “baliabideen kontrolaren” logika eta irabazi ekonomikoaren maximizazioa nagusi diren bitartean.
Ana Ritak salatzen du zaintza-lanen ikusezintasuna, bereziki landa-eremuetan: “Ekoizle bikote bat ikusten duzunean, emakumeak denbora gehiago ematen du plangintza egiten, haziak zaintzen edo ikusezinak diren lanak egiten, eta sarritan ez da ekoizle gisa aitortzen”. Aitortza hori funtsezkoa da emakumearen rola balioesteko tokiko eta erresilienteak diren elikadura-sistemetan.
Elikadura-sistema tokiko, kolaboratibo eta iraunkorren aldeko defendatzailea da Ana Rita, eta “sistema bizidunak” behetik gorako sareen bidez bultzatzearen aldekoa. Bere ametsetako bat, eta politika publikoko proposamena ere bai, zera da: ureztatzeko eremuak bihurtzea ura atxikitzeko paisaia, sustatuz ondasun komunaren zaintza eta zaintza hori lurralde osoan hedatuz.