Amets Ladislao, produktu ekologiko eta tokikoen Bizkaigane kooperatibako bazkidea, EHNE-Bizkaia nekazal sindikatuko zuzendaritzako kidea eta Etxaldeko Emakumeak taldeko partaidea – Errigoiti, Bizkaia

Amets, Algortan jaioa, ohiko unibertsitate ibilbidetik aldendu zen Historia ikasketetan izandako esperientzia etsigarriaren ondoren, eta nekazaritza lanari heltzea erabaki zuen, familiaren hasierako ezezkoaren gainetik. “Baserritarra izan nahi dut”, esan zuen, eta Derioko nekazaritza eskolan hasi zen prestatzen. Ez dator zuzenean baserritik, baina 20 urte baino gehiago daramatza Bizkaiko hainbat ustiategitan lanean, eta horrek sektorearen ezagutza zabala eman dio. Gaur egun Bizkaiganen egiten du lan, eta bertatik modu aktiboan parte hartzen du EHNE-Bizkaia sindikatuan, pixkanaka ardura gehiago hartuz modu naturalean. “Sindikalismoan sartzea nire lanaren beste atal bat izan da, ekoizpena bezala. Ezin dut bata bestea gabe ulertu”, dio.

EHNE-Bizkaiako kide gisa, Ametsen ustez sindikalismoa feminista eta agroekologikoa izan behar da, elikadura burujabetzarekin eta ekoizpen ereduaren eraldaketarekin konprometitua. Sindikatuan feminismoa emakumeek behetik bultzatua izan dela dio, aldarrikatuz nekazaritza eredu anitzagoak eta jasangarriagoak: “Emakumeok eredu txikietan geratu ginen, eta gero ulertu genuen hori apustu politikoa ere bazela”. Espazio zabalagoetan parte hartzeari dagokionez erronkak dauden arren, bere ustez feminismotik gaur egun “jarduerak egiteko baino gehiago espazioa zaintzeko joera dago, eta denbora asko ematen dugu nola sentitzen garen aztertzen, gauzak egiten baino gehiago”. Bere ustean “emakume nekazariak urgentzia praktikoa du, eta guk beste toki batetik ulertzen dugu zaintza”. Horregatik, emakume baserritarren feminismoak bere forma eta denbora propioak ditu.

Ametsen esanetan, emakume eta gazte izateak zailtasun ugari dakartza historikoki zahartutako eta maskulinizatutako sektorean. Azaltzen du emakumeen lana sarritan ikuspegi paternalistatik baloratzen dela, eta horrek kritika eraikitzailea eta benetako ikaskuntza eragozten duela: “zuk aurrera jarraitzen duzu hanka sartzeekin, eta inor ez da ausarten esaten ‘horrela ez!’”. Oztopo horien gainetik, bere sindikatuak feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du: “agenda politikoaren azken puntua izatetik” eztabaida guztietan txertatuta egotera igaro da. Galiziako sindikatuarena (Sindicato Galego) bezalako estrategia zuzenagoen aurrean, EHNEn feminismoa pixkanaka sartzearen alde egin zuten: “pixkanaka gaiak sartzen joan ginen”, deserosotasunik sortu gabe, baina helburu eraldatzailea tinko mantenduz.

Ikuspegi intersekzionaletik, Ametsek emakume nekazariek pairatzen duten prekarietate hirukoitza salatzen du: ekonomikoa, politikoa eta generoari lotutakoa. “Emakumeak gara eta, horregatik, emakumeok oro har pairatzen ditugun diskriminazio guztiak jasaten ditugu: ikusezintasuna, etengabeko epaiak…”. Gehitu du patriarkatuaren ondorioz emakume asko ez zirela nekazari gisa aitortuak izan, emakumeek beraiek ere ez zituztela beraien buruak aitortu, eta oroitu du 90eko hamarkadan bere sindikatuak nola bultzatu zituen emakumeentzako kotizazio sozialak bermatzeko neurriak. Hala ere, oraindik ere politika publikoek —PAC kasu— ezberdintasunak iraunarazten dituzte, lagunduz lur eta animalien jabeak —gehienetan gizonak edo enpresa handiak—, eta kanpo utziz lurra benetan lantzen dutenak. “PAC da Europa osoan errentarekin loturarik ez duen laguntza publiko bakarra”, salatu du.   

Ametsek Emakume Nekazarien Euskal Estatutuaren garapen falta ere kritikatu du, bere horretan helburu bihurtu zela adieraziz: “Estatutua lortu genuenean, listo, denek arnasa lasai hartu zuten”. Organo exekutiboetan paritatea bezalako neurriak sustatu baditu ere, ohartarazi du aldaketa horiek nahikoak ez direla botere-harremanetan lan sakonik egin gabe. UAGAren kasua ekarri du gogora, izan ere, UAGAren exekutiboa hautsi egin zen, bertan sartu ziren emakumeak benetan integratu ez zirelako. Azkenik, azpimarratu du euren helburua ez dela azaleko aldaketa, baizik eta egiturazko eraldaketa: “atzera bueltarik izango ez duen agertoki berria nahi dugu”.

Páginas: 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24