Paula Serrano, nekazari agroekologikoa, AMAP Quinta Maravilha-n – Algeruz, Palmela, Setúbal

Quinta Maravilha duela zazpi urte eta erdi sortu zen, Paulak bere bizitza aldatzeko eta bere semeari “landan bizitzeko aukera bat” emateko gogotik sortu ere. Paularen inspirazio iturri nagusiak izan ziren bere amona Lucinda nekazariaren haurtzaroko oroitzapenek eta “munduarentzat zerbait zehatz eta esanguratsua egiteko” nahia. Horrela, agroekologiari heltzea erabaki zuen. Hasieratik, hala ere, argi zuen proiektu hau ez zela izango bere familiarentzat bakarrik: “Beti iruditu zait logikoa beste jende batzuk ere parte hartzea”, baieztatzen du.

Komunitatearen ikuspegi hori gauzatu zen AMAP sortzearekin —Hurbileko Nekazaritzari Eusteko Elkartea—, pixkanaka eraikitako prozesu batean, hainbat fasetatik igarota. AMAPen, kontsumitzaileei koekoizle deitzen zaie, Paulak azaldu bezala, “gurekin partekatzen dituztelako nekazal ekoizpenaren ardurak”. Urtean bi batzarretan parte hartzen dute —udazken/negukoa eta udaberri/udakoa—, eta hilean behin, landa-lanetan laguntzen dute ajudada deituriko saioetan, lana eta elkarbizitza uztartzen diren une bereziak. Paularen iritziz, eredu horrek eraldatu egiten du kontsumitzaileek elikagaiekiko duten harremana: “Oso bestelakoa da ulertzea nondik datozen elikagaiak, zein prozesu eta lan eskatzen duten”.

Gaur egun, hiru emakume nekazari aritzen dira Quinta Maravilhan: Paula, Ana eta Maggie, horietatik bi lanaldi partzialean. Hasieran, Henriquek ere parte hartzen zuen, baina gaur egun eraikuntza lanetan ari da nagusiki, eta noizean behin laguntzen du. Finkan badira sukalde kolektibo bat eta boluntario zein bisitarientzako etxetxo txiki batzuk, eta asmoa dute etorkizunean sukalde komunitario bat irekitzeko, horrek ahalbidetuko duelarik produktuak eraldatzea eta inplikatzea beste ekoizle batzuk zein auzoko komunitatea.

Emakume nekazari gisa, erronka asko izan ditu Paulak. Hasiera batean lanak berdintasunez banatzea zuten xede, baina azkenean, zereginak banatu ziren bakoitzaren gaitasunen arabera. “Hasieran, guk belar txarrak kentzen genituen eta berak [gizonezkoak] makinak erabiltzen zituen. Ez naiz horretaz harro”, aitortzen du.

Gainera, berak gehiago nabaritzen du ustiategiaren kudeaketa-lanen pisua, plangintza ardurak hartuz, bereziki garrantzitsua dena funtzionaltasuna eta edertasuna uztartu nahi dituen ekoizpen dibertsifikatuan. “Gure baratzea ez da soilik baratzea, ia lorategia izatea ere nahi dugu”, dio Paulak. Eginkizun hori hartzen du bere gain egonkortasun ekonomikoa bermatzeko kezkatik, eta baita lan-orduak, familia-bizitza eta gustuko dituen beste jarduera batzuk orekatzeko kezkatik ere. Ama izateak areagotu egin du epe luzerako proiektu iraunkor bat sortzeko ardura, bai ikuspegi ekonomikotik zein familiaren eta lanaren kontziliaziotik.

Erronka horiei aurreko egiteko Paulak aurkitu dituen irtenbideetako batzuk dira lana kolektiboagoa izatea, diru-sarrera iturriak dibertsifikatzea eta jarduerak ondo planifikatzea. Kolektibo batean egotea baliagarria da estrategia eta jarduteko modu berriak pentsatzeko: “Denok gure beharrak gainditu ahal izateko”, dio.

Nekazaritzarako diru-laguntzei dagokienez, Paulak kritikatu du “finantzaketa ez datorrela bat egiten ari garen nekazaritza eskalarekin”, izan ere, laguntza horiek monolaborantza eta ustiategi handiak babesten dituzte. Finantzaketarik gabe, proiektuak bere indarra aurkitu du kolektiboan, auzoan eta familian. “Hori gabe, ez ginateke egongo gauden tokian”, onartzen du.

“AMAP honekin harro nago, eta sentitzen dut lan bikaina egiten ari garela kolektibo gisa”, dio Paulak. Berarentzat, proiektuaren muina dira elkarri laguntzea, ikaskuntza kolektiboa eta lurrarekin konektatzea. “Burbuila txiki bat sortzen ari gara, eta zabaldu daiteke”, amaitzen du Paulak, erakutsiz Quinta Maravilha nekazaritza proiektu bat baino askoz gehiago dela.

Páginas: 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24