Maria da Visitação, nekazari agroekologikoa eta PROVEko kidea, nekazari txikian oinarritutako saski-sistema – Aiana de Cima, Sesimbra, Setúbal

82 urteko Maria da Visitação Algarven jaio zen, eta txikitatik lotura estua izan du nekazaritzarekin, bere aitona-amonen eta aitaren bidez, guztiak nekazariak baitziren. Oroimenean gorde du nola hautatzen zituzten hazi onenak hurrengo uzta jasotzeko: “Nire amonak gari onenak, ilar onenak, ale onenak hautatzen zituen, dena hurrengoan ereiteko. Horrelakoak ez dira ahazten.”

15 urterekin Barreiroko industria-hirira iritsi zen eta urte asko egin zituen han, kutsadura handiko eremu batean. Horrek bere osasunean eragin zuen. 50 urte ingururekin, erabaki zuen nekazaritza ekologikoa lantzea Sesimbrako Quinta dos Medronheiros-en. Osasun arrazoiengatik piztu zitzaion produktu kimikorik gabeko laboreekiko interesa, eta bere semearen eraginez ere bai –hark jarraitzen du gaur egun ere landatzen.

Hasieratik, gehiago ikasteko gogoa izan zuen Mariak, Agrobio elkarteko bazkide egin zen –nekazaritza ekologikoaren alde lan egiten duen elkartea– eta hainbat ikastaro egin zituen. Dendetan saltzen hasi zen, baina zailtasunak izan zituen: “Frutak akats txikiren bat bazuen, ez zuten nahi; intsekturen baten ziztada bazuen, ez zuten nahi.” Azoketara eta merkatuetara joaten hasi zen, eta beste ekoizle batzuengandik honelakoak entzuten zituen: “Nirea da naturala dena. Hori ekologikoa da, ez zaio inori axola.”

Nekazaritza ekologikoarekiko konpromisoak PROVE proiektuan parte hartzera eraman zuen –duela 20 urte sortu zenetik bertatik–, nekazaritza txikiko produktuen salmenta zuzena sustatzen duen saski-sistema. Lehen bilerak gogoratzen ditu, 30 eta 40 nekazari artean elkartzen ziren: “Inork ez zuen elkartu nahi izan, ni eta beste hiru emakume izan ginen bakarrak.” Lau emakumek jarri zuten abian PROVE eta lehen urteetan sustatu zuten. Geroago, ekimenaren arrakasta ikusita, gero eta ekoizle gehiago batu ziren.

Maria da Visitaçãok aurreiritziei egin behar izan zien aurre emakumea izateagatik eta nekazaritza ekologikoa lantzeagatik. “Sorgina” deitzen zioten eta “sektetan” sartuta egotearen salaketak jaso zituen. Zailtasunak zailtasun, bere horretan jarraitu zuen: “Inoiz ez nion ezeri uko egin.”

Nabarmendu du emakumeek duten presentzia nekazaritza jasangarriaren aldeko mugimenduan: “Emakumeak amak dira, sortzaileak. Eta gauza asko gainditzeko gaitasuna dute.” Bere ustez, emakumeek erresilientzia handiagoa eta egokitzeko gaitasun handiagoa erakusten dute krisialdietan bereziki. Emakume askok funtsezko eginkizuna betetzen dute landaketan, haziak hautatzen eta lurra zaintzen.

PROVEren bidez salmenta zuzena egiteak harreman estuagoa sortu du kontsumitzaileekin, eta hori oso baliotsua iruditzen zaio Mariari: “Duela 30 urteko bezeroak ditut eta orain euren seme-alabak eta bilobak ekartzen dituzte.” Harreman hori komertzialaz haratago doa, konfiantza-loturak eta balio partekatuak sortuz. Gaur egun, harro sentitzen bere ibilbidearekin, eta pozik dago PROVEko kide izateagatik: “Ona da bizitzaren, nekazaritzaren eta ingurumenaren zaintzaren zentzu bera duen jende asko ezagutzea.”

Bere lanaren beste alderdi funtsezko bat hazi tradizionalen kontserbazioa da. Barietate zaharrak erabiltzen ditu, batzuk bere sorterritik ekarriak, sinesten duelako biodibertsitatearen garrantzian: “Ez badugu zaintzen, zer geldituko da etorriko direnentzat? Ezer ez.” Colher para Semear elkarteko partaide aktiboa da, nezkazaritza-ondarea babesten duen elkartea.

Azpimarratu du nekazaritza ekologikoa oraindik ez dela behar bezala baloratzen, baina horrek ez dio axola: “Ondo sentitzen naiz neure buruarekin, gauzak egiteko dudan moduarekin.” Uste du prestakuntza gehiago behar dela, inguruko nekazari askok ez dituztelako ezagutzen praktika jasangarriak. Nekazaritza konbentzionalekoek gehiegi eta gaizki erabiltzen dituzte produktu kimikoak, ingurumenari eta osasunari kalte eginez.

Maria da Visitaçãok dio agintariek nekazaritza intentsiboa bakarrik babesten dutela. Nekazari txikientzako pizgarririk eza ere aipatzen du eta burokrazia kritikatzen du.

Etorkizunerako, Maria da Visitaçãok nekazaritza jasangarriagoa eta produktu kimikoen mendekotasun txikiagoa nahi du. “Edan dezakegun ura garbi egon dadin, arnasa hartu dezakegun airea garbia izan dadin, gure seme-alabek eta bilobek bizirik iraun dezaten.” Bere lanaz harro dago eta nekazariei eskatzen die beren lanaz lotsarik gabe harro egoteko, “esku zikinekin eta arropa zikinekin, zeren besteen ongizatean pentsatzen ez duen jendearen burua da zikin dagoena.” Nekazaria izatea “mespretxatuta dagoen lanbidea da, baina funtsezkoa. Ez dago lurretik ez datorren ezer. Daukagun guztia lurretik dator.”

Páginas: 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24